XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kazetaria naiz eta profesioaren aurka egiten dudala lirudikeen arren honoko galderatxo hau egiten ausartzen naiz, alegia, zergatik da kazetaria informazioaren profesional bakarra?

Editorearen eta kazetariaren, bien arteko harremanetik, askotan tira-biratik, sortu behar da enpresa horren politika informatiboa, ahantzi barik ordea lerro nagusiak, ildo orokorra enpresaren erantzuleek jartzen dutela, eta ez hainbeste kazetariek, kazetaritza sortu denetik honuntz behintzat.

Eta hori, barka, nire aburuz ez da txarra.

Petxo Idoiagak alde kritikagarriak azpimarratuz aipatzen duen erredakzioko talde edo langilegoaren antolaketa enpresarial-profesionala beharrezkoa da.

Izan ere enpresaren atal guztiak proiektu amankomunean uztarturik ez badaude, jai.

Badakit, ondotxo jakin ere, zenbait praktika informatiboren edo lan-antolamenduren azpian eta atxakiaz edozein makurkeria ezkuta daitekeela, baina funtsean, aipatu harreman hori beharrezkotzat sentitzen dut.

Nire esperientzia profesionaletik atera dudanetik esan dezaket (kazetari soil, langileen batzordeko, Erredakzio-Kontseiluko eta Administrazio-Kontseiluko kide izatea tokatu baitzait) edozein kazetariren zorionik handiena, editoreen helburu nagusiekin bat etortzea dela, barrikada nahiz alde politiko berberean aritzea, gertakariak ikuspuntu horretatik ikusteko zoria izatea, funtsezko kontraesanik ez ukaitea, horrela bakarrik funtziona baitaiteke lasai, eskizofreniarik gabe.

Tira-birak gorabehera, kazetariak jakin behar baitu bere eremuan errespetatua izaten, lana aise egiteko askatasuna inoren eskutan utzi gabe.

Kazetaria ez da inoiz izan enpresaren ikuspegitik oso urruti ibiltzeko askatasuna duen inor.

Kazetariaren kontzientzia hutsean ezin daiteke utzi informazioaren balioa.

Erredakzio-taldeak ez dira inoiz izan freelance-en esparru.

Bakoitzak daki non lan egiten duen, bere lantoki duen hedabideak zein botere-zentrurekin harremana duen, estatuarekiko menpekotasuna zenbaiterainokoa duen.

Ez baita berdin botere politiko-ekonomiko nagusiekin bateginik ari diren hedabideetan lan egitea edota horiekin hautsi egin nahi dutenetan.

Bakoitzak daki zenbaterainoko desatsegintasuna sentitzen duen enpresarekiko, bortxaturik ikusten duelako bere burua (...).